Atzealdea Biografia
Diego de Silva y Velázquez pintore espainiarra izan zen eta bere garaiko artista nabarmenena izan zen, Sevillan jaio zen 1599an. Ama sevillarra zuen eta aita portugaldarra izatez. Veláquezek bere ibilbidea oso gaztea zela hasi zuen eta eraginik handiena manierista estiloa zuen Fracisco Pachecoren eskutik jaso zuen, ez soilik piktorikoa baita kulturala zein literarioa ere. Hemezortzi urterekin pintore independente bihurtu zen bere sorterriko pintoreen gremioan azterketa egin ondoren.
Bere lehen etapan, 1618tik 1623ra, Velázquezek erlijio-obra batzuk egin zituen, baita eszena kostunbristak ere. Horietan argi-ilunaren teknika garatu zuen eta, bertan, Caravaggioren naturalismoaren eragin handia agertzen da. Erlijio-eszenak hurbileko eta errealista bihurtzeko gaitasuna Velazquezen ezaugarri garrantzitsua zen eta bere garaiko beste artista batzuei erakutsi zien.
1623an gorteko pintore izendatu zuten eta bertan gorteko karrera hasi zuen. Hainbat titulu jaso zituen karrera horretan, esaterako, ganberaren giltzaria eta Santiagoren Ordenako zalduna. Garai honetan errege-familiaren erretratu ugari egin zituen eta horietan errealismo zein soiltasun handia lortu zituen argiaren erabilerarekin.
Italiara egin zituen bi bidaietan (bata 1629an eta bestea 1648an), Velázquezek bere estilo piktorikoa eraldatu zuen eta argi berria zein kolore biziagoak eman zizkion, aireko ikuspegia lortuz.
Bere pinturaren azken etapan lortu zuen garapenik handiena eta etapa honetan egin zituen bere maisu-lanak. Madrilen hil zen 1660ko abuztuan, gaixotasun luze baten ondoren.